XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Txile, Errusia

Jorge Gimenez

Irailaren hamaika batean izan zen.

Bi urte pasatxo eta, bide batez, zenbait erahilketa burutuko zituen, oraindik ere, El Ferroleko apo jainko nahiak.

El Valle de los Caídos-eko harri erraldoi baten azpitik Historiari barka eske aritzera alde egin aurretik.

Santiago de Chile-ko plaza batean, jende xumeak lehendakari aukeratutako sendagile bon vivant bat deliberatu zen zilegitasuna beste edozeren gainetik jartzera, aldez aurretik jakinik ez zegoela handik bizirik eta, aldi berean, harro ateratzerik.

Kanpoan zirenek, Big Brother-en aginduetara, erreakzioaren ohizko diskurtsuaz eta, hein artean, jende askoren akidura manipulatuaz kargaturik zeuzkaten fusilak.

La Moneda ez zen miseriazko trukeetara prestatu, eta mundu osoko establishment aseak arnasa hartu zuen, betiko morroiek lan zikina amaitzen zuten bitartean.

Ez genuen ezagutu, orduko hartan, Txileko konstituzioaren defentsarik zeharkakoa bada ere Washington-eko Etxe Zuriko maizter are zuriagoen ahotan.

Barne arazotzat jo zuten Estatu Batuetako agintari gehienek Txilekoa, eta mendebaleko beste zenbait lurraldetatik protestak iritsi baziren ere, ez zituzten Txileko enbaxadetako atezainek hustu behar izan, harreman diplomatikoak eten izanaren kausaz, jabez aldatutako egoitzak.

Ohi bezala, instituzioetatik at gauzatu zen elkartasun etsiaren erritoa, ebidentzia guztien kontrako el pueblo, unido, jamás será vencido itxaropentsu nahi batez.

Handik hogei urtetara, atrezzo guztiz desberdina erabiliz, eta Txiletik milaka kilometrotara, Washington-eko Big Brother berriak beste gidoi bat jarri du antzezpen horretan parte hartzera prestatu diren aktoreen eskuetan.

Txileko hartan bezala, indarrean dagoen konstituzio baten aurkako eraso garbia da Moskuko kaleetan antzerki lanaren argumentua.

Demokraziaren alde sartu omen dira demokraziaren babeslekura Ieltsinen lagunak, legebiltzarra erre, nostaljikotzat salatu dituzten -eta jendeak, hauteskundeen bidez, aukeratu dituen- parlamentari batzuk akabatu, eta -Pinochet-ek bere garaian bezalaxe- hauteskunde benetan askeak egiteko asmoa aldarrikatu.

Big Brother-ek, oraingoan, Txileko hartan baino adostasun zabalagoa lortu du, ez baita mendelban osoan Ieltsin Tsar Berriari kritika txikiena egitera ausartzen denik.

Irabazle bakarra dago, dena den La Moneda eta Moskuko Legebiltzarreko guduetan.

Eta komeni zaigu, denoi ere, ahalik eta azkarren ikastea zeinek duen, mundu honetan, demokraziaren patentea.